Quintín de Torre (1877-1966) bederatziehungo belaunaldikoa zen; belaunaldi horrek idealismo eta errealismo figuratiboaren arteko sintesia zekarren. Torrek Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan eta Serafín Basterraren tailerrean ikasi zuen. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren pentsio batzuk eskuratu zituen, eta horiei esker, Paris, Italia eta garai hartako mugimendu artistiko eta estetiko ezberdinak ezagutu zituen.
Arabako Arte Ederren Museoko bildumaren zati diren lanak, San Joan eta Nicodemus, alegia, arrakasta handiak eta aintzatespen sozial garrantzitsua eman zizkion bere ekoizpen artistikoko eremu bati dagozkio: eskultura erlijioso polikromatua. Torrek beti landu zuen eskultura erlijiosoa imajineria barrokoaren Espainiako tradizioaren oroitzapen argia ekarrita (Gregorio Fernández, Martínez Montañes, etab.). Izan ere, bere San Joanek, Euskal Artisten Elkarteak Zaragozan 1921ean antolatutako erakusketan agertutakoak, aintzatespen garrantzitsua ekarri zuen berarentzat garai hartako egunkarietan. Gauza bera gertatu zitzaion 1927an, Círculo de Bellas Artesek Madrilen egindako erakusketan Gurutzetik Eraistearen pausoa (Bizkaiko Foru Aldundiak eskatuta egindakoa) erakutsi zuenean. Une horretatik aurrera, imajineria erlijiosoa etengabe agertzen zen bere lanetan, eta berak adierazten zuen bezala, horretan "teknika konbentzionalago baten barnean aspaldiko artisten patetismo erlijiosoa" bilatzen zuen.
San Joan kaobaz egindako gorputz erdiko tailua da. Dizipulua gizon gazte gisa agertzen da. Lepo eta bularraren tratamenduan ikus daiteke azterlan anatomiko garrantzitsua egin zuela. Dena den, hori ez dator bat aurpegiak erakusten duen edertasun idealizatuarekin.