Lorenzo Fernández de Viana (1866-1929) joera tradizionalaren barnean sar genezakeen beste eskultore garrantzitsua da. Viana prestakuntza egokia jaso ondoren eta bere dohain ukaezinei esker eskultore bihurtzea lortzen duen artisauaren adibide ezin hobea da.
Lantziegon jaio zen laborarien familia batean, eta bere lehenengo artisautza prestakuntza (ebanista) Logroñon jaso zuen. Bi une ezberdinetan joan zen Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolara. Lehenengo unean (1883-1884ko ikasturtea) lanbidearen hastapenak jaso zituen, eta gero ebanista lan egin zuen garai hartan Arabako hiriburuan zegoen altzarigintza garrantzitsuan. Bigarren unean (1893-94 eta 1894-95eko ikasturteak) eskulturarako bideratuago dago, eta izan ere, 1898ko urtarrilean Madrilera joan zen, Aniceto Marinas Segoviako eskultorearen estudiora, Gasteizko Udalaren pentsioa lortu ondoren.
Horiek prestakuntza urteak zein lan urteak izan ziren Vianarentzat, ondoko obra garrantzitsuak egin zituela: Estibalizko Ama Birjinaren zaharberrikuntza (1897), Felipe Dugiolsen monumentua Tolosan(1901), Ramón Fernández de Piérola apezpikuaren bustoa (1904) edo Zulueta familiaren panteoia Gasteizko Santa Isabel hilerrian (1904).
1907an Gasteizko Udalaren beste pentsio bat lortu zuen, hasieran ukatu eta egunkarietan nolabaiteko polemika sortu ondoren. Horri esker, Parisera joan zen, Julian Akademiara, hain zuzen ere, eta bertan hiriburuko museo eta giro artistiko ezberdinak ezagutu zituen. Handik itzultzean, enkargu garrantzitsu batzuk jaso zituen, hala nola San Prudentzioren irudia basilikarako (1907), Job (1908) --horri esker, Arte Ederren 1907ko Erakusketa Nazionalean hirugarren domina eskuratu zuen- edo Bertuteak, lehengo apezpikutza jauregiko eskailera apaintzen zuena. Gasteizko Katedral berriaren obrak hastean, eskultore eta Modelatu eta Tailuaren Eskolako irakasle lan egiten hasi zen. Apezpikutzak eskola sortu zuen, gazteak katedrala eraikitzeko behar ziren tailu eta apainketa lan ezberdinetarako prestatzeko asmoz. Hala ere, Apraiz eta Luque obrako arkitekto zuzendariekin zein Cadena y Eleta apezpikuarekin izandako desadostasunek 1912an Argentinara joanarazi zuten, bertan geratu zela 1916ra arte. Urte horretan itzuli egin zen, baina Bilbon bizi izatea erabaki zuen, eta bertan hil zen 1929an.
Arabako Arte Ederren Museoak dituen Vianaren lanen artean, zaharrena Pablo Urangaren bustoa da, 1908ko data daramana. Gorputz erdiko erretratua da, eskultorearen lagun mina zen Gasteizko margolaria irudikatzen duena; ardura artistikoez gain, kidetasun ideologikoa zuten komunean, biak une horretan Gasteizen lehenengo Euskal Etxearen sorrerarekin batera sortzen ari zen nazionalismo hasiberriaren aldekoak ziren eta.
Lanak Vianaren dohain teknikoak, modelatuaren jakintza, erretratuaren zehaztasuna eta -margolaria eskortzo batean jartzean bularraren gainean duen eskuaz lan erremintei heltzen diela- lortutako mugimenduaren zentzua antzemateko bidea ematen du. Aldi berean, Urangak eskultorearen estudioan modelo lan egiten zuen bitartean, Viana eskultorea izeneko margolana egin zuen, horretan eskultorea agertzen dela margolariaren bustoa modelatzen.